Kontseilua

 

 

 

Nortzuk gara?

Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle talde bat gara, egunero zuekin ibiltzen garenak. Zuen bizipen berak ditugu: zailtasun berak igaro behar ditugu, pozik jartzen gara 5. 00 batekin (eskerrik asko), laborategi aspergarriak ditugu, hirukoitzak test azterketetan… Baina gure denboraren tarte bat Eskola hobetzen saiatzen ematen dugu, eta, ahal dugun heinean, zuei laguntzen.

Zer egiten dugu?

Ikasleentzat onuragarriak direla uste dugun hainbat ekintza egiten ditugu:

  • Eskolako organo instituzional guztietan –Eskolako Batzarra, sailetako Batzorde eta Kontseiluak– parte hartzen dugu, ikasle gisa ditugun interesak eta eskubideak ikusarazteko eta babesteko.
  • Hainbat jarduera antolatzen ditugu: hitzaldiak, ponentziak, zaindariaren eguna…
  • Zerbitzu erabilgarriak jartzen ditugu zuen eskura: azterketen bankua, apunteak, maileguak (kalkulagailuak, kargagailuak, liburuak) eta takillak alokatzeko aukera.
  • Zalantzak argitzen ditugu eta Eskolako ikasle gisa arduratzen gaituen guztiari buruzko aholkularitza ematen dizuegu.
  • Eskola barneko elkarteei aurrera egiten laguntzen diegu, ahal dugun heinean, lokalak utziz, egitasmoak babestuz…
  • Kalitatezko elkarbizitza baten alde egiten dugu, eta egitasmo hauek aurrera eramatea dugu helburu, egonaldi hobe bat lortze aldera:
    • Jantoki berria 1 (A) eraikinaren sotoan.
    • Ikasletxe bat, zeharkako jarduerak egin ahal izateko.

Esku zabalik hartuko ditugu proposamen berriak eta laguntzeko prest dagoen jendea.

Zer egin dezakegu zuei laguntzeko?

Eskolaren funtzionamenduari buruzko aholkuak emango dizkizuegu, eta edozein zalantza argitzen lagunduko dizuegu, bereziki gai hauei buruzkoak: instalazioak, hainbat sektoretako ordezkaritza, zerbitzuak, arautegiaren aplikazioa, etab. Horretarako, idatzi mezu bat gure helbide elektronikora edo etor zaitezte Ikasleen Ordezkaritzaren lokalera, eta arazoa edo zalantza ahalik eta azkarrena konpontzen saiatuko gara.

Zer egin kontseiluko kide izateko?

Ez dago zertan egunero kontseiluan parte hartu. Noizbehinka parte har dezakezue, azterketen bankuan edo apunteetan ekarpenak eginez, edo zuek proposatutako ekitaldi edo jarduerak antolatuz. Anima zaitez, zain gaituzu!

Gainera, beti lagundu ahal izango gaituzu modu ez-ofizial batean. Pixkanaka, Eskolako ohiko arazoak konpontzen lagunduko dizuten gaitasunak zeureganatuz joango zara, eta gero eta gaitasun handiagoa lortuko duzu ikasleak eskolako organoetan ordezkatzeko; besteak beste, Eskolako Batzarrean.

Etor zaitez Ikasleen Ordezkaritzara, eta ordezkaritzarako bidean lagunduko dizugu.

Anima zaitez, dibertigarria izango da!

Ordezkariak

Taldeko ordezkariak (delegatua eta delegatuordea) hautatzea dela eta, Ikasle Ordezkaritzatik nabaritu egin gura dugu irudion garantiza.  Uste da, oker bada ere, ordezkariok ez dutela ezelango eraginik klasekideengan. Ba ez da horrela, ezta antzekorik ere. Taldeko delegatuak, eta bera ez dagoenean delegatuordeak, taldekideak ordezkatu eta euron interesak bermatu behar ditu irakasleen, Ikasle Kontseiluaren, Ikasle Ordezkaritzaren eta Eskolaren aurrean. Esaterako, eragin handia du azterketa-egunak zehazterakoan.  Taldekideen kexak kudeatzeko eta ikasgela egoki mantentzeko parteak bideratzeko ardura du. Ez da fotokopiak, errekaduak eta mandatuak egiten dituen morroia. Taldekide guztien ordezkaria da.

Talde delegatuaren lanak ez du eskatzen denbora asko; bai, ordea, erantzukizuna eta seriotasuna eginkizunetan. Nonori dibertigarri irudi dakioke botoa ematea klasean ez dagoen kideari, klaseko pailazoari edo beste inori berari kalte edo broma egin guran. Dibertigarria, bai, baina arduragabekeria hutsa. Gauza hori baino askoz ere serioagoa da. Delegatuak ez badu maila ematen, gaitz lortuko dira helburuak, esaterako azterketa-egun egokia.

Delegatuordea ere sano garrantzitsua da, delegatua ez dagoenean berak hartzen ditu-eta haren eginbeharrekoak. Gainera, delegatuordea lagungarri izango zaio delegatuari eta lana arinduko dio.

Baina delegatu ganorabako baino txarrago da delegaturik ez izatea, taldeak ez luke izango eta ahotsik Ikasle Kontseiluan, ezta Ikasle Ordezkaritzan edo Eskolaren aurrean ere. Talde horrek ez luke izango bere interesak nork defendatu; ez luke izango aukeratzeko edo protestatzeko eskubiderik eta besteen esanetara egon beharko luke. Taldekide guztien ardura da holangorik gerta ez dadin.

Hori guztiori dela eta, Ikasle Ordezkaritzatik seriotasuna eta zentzua eskatzen dizuegu taldeko delegatu eta delegatuordea hautatzerakoan, asko duzue jokoan eta.

Visit Us On TwitterVisit Us On FacebookVisit Us On Instagram