FAQs ANTIGUO

  • Eskatu al dezaket azterketa nirea ez den beste irakasle batek zuzentzeko?
    Ez bazaude ados zuzenketarekin, prozedura berari jarrai diezaiokezu bigarren zuzenketarako, eta, horrela, Bilboko Ingeniaritza Eskolako 3 irakaslek eta Ikasle Kontseiluko ikasle batek zuzenduko dute zure azterketa.
    >>Ikasleen Arautegiko 72. artikulua
  • Joan al naiteke nire matrikulakoak ez diren eskoletara taldea aldatu gabe?
    Bai, baina, horretarako, matrikulatuta zauden taldeko irakasleak eta arrazoia edozein dela ere joan nahi duzun taldeko irakasleak oniritzia eman behar dizute.
  • Nola funtzionatzen du azterketen bankuak?
    Azterketen bankua Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ikasle Kontseiluak eginiko proposamena da, eta helburu du Eskolako ikasleek azterketak eskura izatea, baldin eta irakasgaiko irakasleak ez baditu nahikoa azterketa ematen edo ez badu azterketarik ematen.
    Azterketen bankura sartzeko, nahikoa da Kontseiluaren webguneko sarean izena ematea.
  • Zer egin behar dut erreklamazio bat jartzeko?
    Ikasle Kontseiluak plantilla bat du egokitzat jotzen diren erreklamazioak egiteko. Gainera, anonimoak izango dira. Hala ere, nork bere erreklamazioa egin nahi izanez gero, nahikoa da idatzi bat egin eta erregistroaren bidez bidaltzea, ikastegiko idazkaritzaren bitartez.
  • Zein notatatik aurrera lor dezaket ohorezko matrikula?
    Irakasgai bateko irakasle batek ohorezko matrikula eman ahal izango die bikain kalifikazioa lortu dutenei, betiere matrikula bat matrikulatutako hogei ikasleko.
  • Zer egin behar dut irakasgai baten deialdiari uko egiteko?
    Ebaluazio jarraitua baldin bada, gutxienez irakasgaiko eskolak amaitu baino hilabete lehenago egin beharko duzu uko.“Eskari hori idatziz aurkeztu beharko zaio irakasgaiaren ardura duen irakasleari.”
    “Azken ebaluazioaren kasuan, azterketa egun ofizialean egin beharreko probara ez aurkezte hutsak ekarriko du automatikoki kasuan kasuko deialdiari uko egitea”.
    >>II. kapitulua, 12. artikulua
  • Irakasleek aplikatu al ditzakete eskolan esandako zuzenketa irizpideak, ez badira irakaskuntza gidan agertzen?
    Gainditzeko gutxieneko irizpideez ari bagara, irizpide horiek irakaskuntza gidan egon behar dute, baina zuzenketa metodoez ari bagara, helburua da ikasle guztientzat bidezkoak izatea.
  • Azterketa batean sar al daiteke eskolan eman ez den baina irakaskuntza gidan agertzen den gairen bat?
    “Ezin izango da irakasgaiaren ebaluazioa egin irakasleek landu ez dituzten gaien inguruan, nahiz eta gaiok irakasgaiaren hasierako programan agertu.”
    >>IV. kapitulua, 38. 2 artikulua
  • Zer da irakaskuntza gida? Eta ikasleen gida?
    “Irakaskuntza gida bakarra egongo da irakasgai bakoitzerako eta bertan jasok odira, gutxien dela, prestakuntzaren helburuak, programa, programatutako jarduerak eta ebaluazio sistema, baita ebaluazio irizpide eta adierazle espezifikoak ere, proba bakoitzaren haztapena barne, horrelakorik egonez gero.”
    >>IV. kapitulua, 38. 2 artikulua
    Ikaslearen gida irakaskuntza gidak baino informazio zehatzagoa jasotzen duen dokumentu bat da. Honako hauek jasotzen ditu, besteak beste: azterketa partzialen edukia, praktiken zehaztapena…
  • Aurkeztu al naiteke notaren % 100 balio duen amaierako proba bakarrera?
    Bai, baina, horretarako, irakasgaiko irakasleari idatziz adierazi beharko diozu uko egiten diozula ebaluazio jarraituari. Idatzi hori aurkezteko, 9 asteko epea dago lauhileko irakasgaietarako eta 18 astekoa urteko irakasgaietarako, lauhilekoa edo ikasturtea hasten den egunetik aurrera zenbatzen hasita.
    >>II. kapitulua, 8. 3. artikulua
  • Taldea aldatzeko eskatu al dezaket?
    “Matrikulaturiko ikasleek talde jakin batean sartzeko eskaria egin ahal izango dute, ikastegi bakoitzak horretarako zehaztutako epean. Eskarien kopurua taldeko plazen kopurua baino handiagoa bada, ikasleak irizpide objektiboen arabera banatuko dira taldeetan. Irizpideok argitara emango dira taldez aldatzeko eskariak egiteko epea hasi baino lehen. Edozelan ere, lehentasuna izango dute 5. eta 6. deialdietako ikasleek.”
    >>IV. kapitulua, 38.7 artikulua
  • Matrikulatu al naiteke master batean ez badut gradua amaitu?
    Ez, ezin da master batean matrikulatu gradua amaitu gabe.
    >>1393/2007 Errege Dekretuaren 16. artikulua
    Hala ere, Eskola honetan, Telekomunikazio Ingeniaritza masterrarekin eta Industria Ingeniaritza masterrarekin 9 kredituko bi modulu egin daitezke, eta hor bi irakasgai baliozkotuko dira behin masterrean matrikulatu ondoren.
  • Zenbat egun behar izan ditzakete azterketa bat zuzentzeko?
    Azken nota gehienez ere 12 egun naturaleko epean argitaratu behar dute, eta azkenak ez diren proben nota (praktikena, txostenena…), berriz, gehienez ere 21 egun naturaleko epean.
    >>Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia, II. kapitulua, 17. artikulua
  • Zer egin behar dut epea bete ez badute?
    Epea betetzen ez badute, dagokion saileko koordinatzaileari ohartarazi beharko zaio, jakinaren gainean egon dadin eta neurri egokiak har ditzan.
  • Zenbat egun lehenago ohartarazi behar didate azterketa bati buruz?
    Deialdi ofizialetan, azterketa egunak matrikula egin baino lehenago argitaratu behar dira, eta orduak eta ikasgelak, berriz, gutxienez hilabete lehenago. Azterketaren bat aldatzen bada, gutxienez 15 egun lehenago jakinarazi behar da.
    >>Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia, I. kapitulua, 6. artikulua
  • Egin al dezaket azterketa bat matrikulatuta ez nagoen hizkuntza batean?
  • Aldatu al diezadakete azterketa bat, egun berean beste bat baldin badaukat?
    Deialdi ofizialetan, ikasturte bereko azterketen hasieraren artean 24 ordu igaro behar dira, eta ikasturte desberdinetako irakasgaietako azterketen artean, berriz, 4 ordu bien hasieraren artean, eta gutxienez 2 ordu bat amaitu eta beste bat hasi arte. Gutxieneko horiek betetzen ez badira, 15 egun lehenago ohartarazi behar da gutxienez, eta goragoko ikasturteko azterketa aldatu.
    >>Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia, I. kapitulua, 6. artikulua
  • Eduki al dezaket nik egindako azterketa baten kopia?
    “Lege honetan aurreikusitako gainerako eskubideez gain, administrazio-prozedura batean interesdun direnek honako eskubide hauek dituzte:
    a) Noiznahi jakitea interesdun diren prozeduren izapidetzea nola doan; administrazio- isiltasunak zer esanahi duen, Administrazioak ez badu epean ebazpen espresurik ematen ez jakinarazten; zer organo den eskudun instrukzioa egiteko, hala badagokio, eta ebazpena emateko; eta zer izapide-egintza eman dituen. Eskubidea izango dute, orobat, prozeduretan jasotako dokumentuak eskuratzeko eta haien kopia lortzeko.”
    53. artikulua: Prozeduraren bermeak Administrazio-prozeduran interesdun denaren eskubideak.
    Horrenbestez, azterketa bat egitea eta aktetan jaso ondoren nota jartzea administrazio prozedura bat da. Hori dela eta, edozein ikaslek bere azterketaren, bere txostenen edo ebaluatzeko entregatu duen beste edozein materialen kopia bat eska dezake.
  • Bigarren zuzenketa eska dezaket?
    Berrikuspenaren ondoren ez bazaude notarekin ados, erreklamazioa aurkeztu ahal izango diozu sailari. Idatzi bat bidali behar diozu saileko zuzendaritzari, GAURen behin betiko nota agertu eta sei eguneko epean.
    Nota berriarekin ere ez bazaude ados, erreklamazioa aurkeztu ahal izango diozu ikastegiari. Nota jakinarazi eta 4 eguneko epean, ikastegiko zuzendaritzari idatzi bat bidali beharko diozu, zure erreklamazioarekin.
    Azken kasuan, gorako errekurtsoa jarri ahal izango duzu (administrazio errekurtsoa, errektoretzaren aurrean), hilabeteko epean.
    >>Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia, II. kapitulua, 22. eta 24. artikuluak
  • Zer gertatzen da berrikuspenaren ondoren ez banago notarekin ados?
    Nahikoa da bigarren zuzenketa egiteko eskaerarako jarraibide berberak betetzea.
  • Erreklamazio baten ondorioz jaitsi al diezadakete nota?
    1. Ebazpenen eta izapide-egintzen aurka, azken horiek gaiaren funtsa erabakitzen badute zuzenean edo zeharka, prozedurak jarraitu ezina eragiten badute, defentsa-gabezia edo eskubide eta interes legitimoen kalte erreparaezina sortzen badute, interesdunek aukera izango dute gora jotzeko errekurtsoa eta aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkezteko, oinarritzat harturik deuseztasunari eta deuseztagarritasunari buruz lege honen 47. eta 48. artikuluetan azaldutako arrazoietakoren bat.
    Gainerako izapide-egintzen aurka egonez gero, interesdunek alegatu egin behar dute, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean hori kontuan hartzeko.
    2. Kasu eta arlo sektorial jakin batzuetan, eta gaiaren berezitasunak hala eskatzen duenean, gora jotzeko errekurtsoaren ordez beste prozedura batzuk ezar ditzakete legeek: aurkaratzea, erreklamazioa, adiskidetzea, bitartekotza eta arbitrajea. Hierarkian goragoko instrukzioen mendean ez dauden kide anitzeko organoetara edo batzorde espezifikoetara jo beharko da horretarako, lege honek pertsonei eta administrazio-prozeduretan interesdun direnei aitortzen dizkien printzipio, berme eta epeak zainduz. […]
    112. artikulua: Errekurtsoaren xedea eta errekurtso motak, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
    Ebaluazioa + aktak = administrazio prozedura. Hortaz, errekurtso bat jar dezakezu (arauz, erreklamazio gisa jasotzen da), zure ustez ebazpena ez bada egokia eta kalte egiten badizu. Erreklamazio horren ebazpenak, nola ez, eginbehar batzuk bete behar ditu nahitaez, besteak beste:
    1. Errekurtsoaren ebazpenean, errekurtsoan azaldutako eskaerak guztiz edo partez baietsiko dira, ezetsiko dira edo errekurtsoa ez onartzea erabakiko da.
    2. Forma-akats bat dela-eta edukiari buruzko ebazpena ematea egokitzat jotzen ez bada, prozedura akatsa egin zen urratsera atzeraeragitea aginduko da. Aukera izango da, hala ere, baliozkotzeko eskumena duen organoak erabaki dezan jarduketak baliozkotzea, 52. artikuluan xedatutakoaren arabera.
    3. Errekurtsoa ebazten duen organoak prozedurako arazo guztiak argituko ditu, bai formazkoak bai edukizkoak, interesdunek alegatuak izan edo ez. Interesdunek alegatu ez dituzten arazoen gainean ebatzi baino lehen, entzun egingo zaie interesdunei. Nolanahi ere, errekurtso-jartzaileak eskatutakoaren harikoa izango da ebazpena, eta ezin izango du inoiz okerragotu haren hasierako egoera.
    119. artikulua: Administrazio errekurtsoen printzipio nagusien ebazpena, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
    Horrenbestez, batzorde baten ebazpenak ezingo du jaitsi erreklamazioa jarri duen ikaslearen nota.
  • Zer egin behar dut zerbait apurtuta dagoela edo ondo ez dabilela ikusiz gero?
    Erraza da: aukeratu eraikina eta bete honako orria.
  • Eskolari zerbait proposatu edo iradokizunen bat egin nahi badiot, zer egin behar dut?
    Honako orria bete eta ondo azaldu zer proposatu nahi duzun.
  • Zer egin behar dut kexatzeko?
    UPV/EHUn ikasten gauden bitartean arazoak izaten ditugu irakasleekin, eskolekin, ebaluazioekin edo unibertsitateko zerbitzuekin. Horrelakoetan zer egin ez badakizu, guk lagunduko zaitugu.
    Eta arazoa zure gelari buruzkoa bada (irakaslea ez doa eskoletara, ebaluazio sistema aldatu du…) kexua aurkeztu ahal izango duzu, eta zure izena ezkutuan gordeko dugula bermatuko dizugu. Horretarako, erabili kexetarako daukagun protokoloa: “KexaTU”.

 

Visit Us On TwitterVisit Us On FacebookVisit Us On Instagram